miércoles, 25 de noviembre de 2009

LARRUAZALA







1. EGITURA:


-Larruazalak bi geruza nagusi ditu: kanpokoa eta mehea, epidermisa eta barnekoa eta lodiena, dermisa. Azken honen azpian beste geruza bat dago, hipodermisa.



Epidermisa

- Larruazalaren kanpoko geruza, ez-baskularra, dermisaren gainean kokatua eta zenbait azpigeruzaz osatua: geruza korneoa, gardena, pikorduna, mukosoa edo arantza-geruza (edo Malpighirena) eta basala edo oinaldekoa.

- Lau zelula mota nagusi agertzen dira epidermisan: keratinozitoak, melanozitoak, langerhans-en zelulak eta merkel-en zelulak.



Dermisa


- Larruazaleko epidermis eta hipodermisaren arteko geruza. Zuntz elastikoz eta kolagenoz osatutako ehun konektiboa eratzen du.

- Zelula gutxi daude: adipozitoak, fibroblastoak eta makrofagoak.

- Lodiera aldakorra du: esku ahurretan eta oinzoletan nahiko lodia eta betazaletan, eskrotoan eta zakilean, berriz, mehea. Dermisean odol-hodiak, nerbioak, guruinak eta ile folikuluak agertzen dira.

- Bi geruzatan bana daiteke:


  • Geruza papilarra: epidermisari lotzen zaio papila konektibo ugarien bidez.

  • Geruza erretikularra: elkarrekin nahasten diren zuntz konektibo handiez osatuta dago.


Hipodermisa

- Ehun konektibo laxoz osatutako geruza da, dermisaren azpian dago. Bere zuntz elastikoek eta kolageno zuntzek dermiseko zuntzetan dute jarraipena. Gorputzaren atalaren eta elikaduraren arabera, adipozito gehiago edo gutxiago agertzen dira.

- Gantz ehunak sabelean 3cm edo gehiagoko lodiera izan dezake, baina betazaletan eta zakilean ez da inoiz adipozitorik agertzen. Hipodermisak amaiera nerbioso ugari eta odol-hodiak ditu.






2. LARRUAZALAREN ORGANOAK:


Ileak:


- Ileak dermisaren hazkundearen araberakoak dira eta gorputzean zehar modu ezberdinean daude banatuta. Beraien funtzio nagusia babestea da. Buruko ileek zaurietatik, eguzki-izpietatik eta beroa galtzetik babesten dute. Betileek argitik eta gorputz arrotzetatik babesten dute. Ileak berritze-prozesuan daude beti eta egunero pertsona heldu batek 70-100 inguru ile galtzen ditu.



- Ileak zelula hilen eta keratinizatuen zutabeak dira, eta ilearen zurtoina eratzen dute. Azalaren barnealdean kokatzen den atal eta dermisera heltzen dena ilearen sustraia deitzen da. Ilearen sustraia inguratuz ile-folikulua agertzen da. Folikulu bakoitzaren behealdean egitura zabalago bat dago, ilearen erraboila, eta honek bere alde sakonean ile-papila izeneko egitura dauka. Ile-papila odol-hodi ugari dituen ehun konektiboz osatuta dago, ilea elikatzeko.


- Ile-matrizearen zelulak geruza basaletik datoz eta ilearen hazkundearen arduradunak dira. Ile-folikuluaren erdi-erditik dermisaren geruza papilarreraino, muskulu leunez osatutako ilearen muskulu zutitzailea kokatzen da. Bekainetan, betiletan eta sudur, belarri eta bizarreko ileetan ez dago muskulu hori. Beren eginkizuna ileak zutitzea da (“oilo-ipurdia” jartzea). Inerbazio sinpatikoa du.


Errezeptoreak:

- Larruazalak hainbat sentsazioen hautematea baimentzen digu, hain zuzen ere, kontaktua, presion, tenperatura eta mina:

  • Meissner-en korpuskuluak: kontaktuan edo ukimenan espezializatuta daude, eta hauekin, leuna eta pikortsua desberdintzen dugu.
  • Paciniren korpuskuluak: Jasotzen dugun presio-maila nabarmentzen du eta honen bidez, objektuen pisua eta gogortasuna nabaritzen dugu.
  • Ruffiniren korpuskuluak: tenperatura aldaketaz hautematen dira, hau da, 36ºC gorako tenperaturetan bero sentsazioa sortzen du eta beherakoetan hotza sentiarazten du.
  • Algidoak: minaren errezeptoreak dira. 0ºC beherako tenperaturetan, 70ºC gorako tenperaturetan, gehiegizko presiopean, eta zauri edo erredura baten presentzian nabariko dugu mina (min fisikoa).
Errezeptoreei buruzko bideoa:
http://www.youtube.com/watch?v=VyEejPJDmJI


3. LARRUAZALAREN FUNTZIOAK:

- Larruazalak ezinbestekoak diren funtzioak betetzen ditu:

1) BABESA:

Kanpo eragileetatik babesten gaitu, adibidez: traumatismoetatik.

2) TERMOERREGULAZIOA:

Gure gorputza 36-37ºC artean mantentzen du. «kanpo bihotza» izena hartzen du funtzio honegatik.

3) SENSIBILITATEA:

Hainbat sentsazioen hautematea baimentzen digu, hain zuzen ere, kontaktua, presio, tenperatura eta mina. «kanpo entzefaloa» izena hartzen du funtzio honegatik.

4) ERRESERBA:

Hainbat substantzia gordetzen ditu: gatz mineralak, gantzak, konposatu organikoak, hormonak, bitaminak,…

5) IRAIZKETA:

Hondakinak eta substantzia kaltegarriak izerdi-guruinetatik kanporatzen dira.

6) ANTIMIKROBIANOA:

Organismoaren lehen babes-hesia da eta hesi hau apurtzean infekzioak sortzen dira.

7) MELANOGENESIA:

Epidermisean zelula melagenoen ehunak aurkitzen dira eta hauetan melanina ekoizten da. Substantzia honek kolorea edo tonua ematen dio gure azalari, eta eguzki izpietatik babesten gaitu.

Azal zuriagoa > Melanina gutxiago > Babes gutxiago

Azal beltzagoa > Melanina gehiago > Babes gehiago


4. LARRUAZALAREN PATOLOGIAK:

ERREDURAK:

Erredurak haurren artean istripuz gertatzen diren heriotza arrazoi nagusienetakoa da, ondorez motoz duten autoetan gertatukoak daude. Erredurak gehien bat, larritasunaren arabera, lehenengo, bigarren eta hirugarren gradutan sailkatzen dira.



  • 1- Lehenengo graduko erredurak, hirutan arinenak dira, gehienetan ur beroa, lurruna, gauza beroak une batez ukitzeagatik edota eguzkitan luzeegi egoteagatik gertatzen dira. Lehenengo graduko erredurak babak, hantura, gorritze eta mina sortzen ditu.

  • 2- Bigarren graduko erredurak (edo sakonera partzialeko erredurak), gai kimiko, likido edo solido beroekin izaniko ukipenagatik edo arropa erretzeagatik sortutakoak dira. Larruazala zuri koloretik gerezi kolorera zaindua egon daiteke, erredura mingarri samarra da. Larruazalean baba egin ohi da.

  • 3- Hirugarren graduko erredurak (edo erabateko sakonerako erredurak), kasu honetan likido edo solido beroekin, gai kimiko edo elektrizitatearekin izaniko ukipena luzea izango da. Larruazala kiskalita edo zaildua gera daiteke, edo itxura zurbila izan dezake. Agian mina ez da ia sumatuko nerbiotako lesioengatik.

Erredura guztiak berehala zaindu behar dira erretako guneko beroa txikitzeko, edo gai kimikoak garbitzeko eta larruazalaren eta barne ehunetako kalteak gutxitzeko.


PSORIASIA:

- Larruazalaren gaitz kronikoa da psoriasia, ukalondo, belaun, buru-azal eta bizkarraren behealdean batez ere agertzen diren zilar koloreko ezkata distiratsuez estalitako hanpadura gorriak bereizgarri dituena. Gorabeheraka eboluzionatzen duelarik, garai batzuetan susperraldia gertatzen da eta bestetan erdi itzalita omen datza gaitza. Ez da gaixotasun infekziosoa, ezta kutsagarria ere; oso txarra ere ez da eta, eskuarki, ez du ondorio larririk ekartzen, kasu latzenek inpaktu sozial nabarmena izan dezaketen arren. Behin betirako sendatzerik ez badu ere, neurri egokiak hartuz gero kontrolatu egin daiteke.

FAKTORE SORTZAILEAK

- Psoriasia suspertze eta moteltze episodioetan eboluzionatzen bada ere, oso litekeena da gorabehera batzuek faktore sortzaile edo astungarri gisa jardutea, hara:

  • Hazka egitea, zauriak, traumatismoak
  • Bakterio eta birusen bidezko infekzioak
  • Estresa, muturreko situazio emozionalak
  • Alkohol gehiegi kontsumitzea
  • Eguzki argi gehiegi edo gutxiegi

DERMATITISA

- Dermatitis edo ekzema hitza erabiltzen dugu larruazaleko erupzio arina lesio nagusi duen afekzioa adierazteko. Gorritze batekin hasten dira gaitz hauek, gero likido serosoa exudatzen duten papula eta besikula bihurtzen dira eta epe luzera kroniko bilakatzen dira, azala lodituz. Ekzemen arrazoia endogenoa izan daiteke, afekzioa abiarazten duen kanpo-eragilerik ez dagoenean (dermatitis atopiko eta seborreikoan gertatzen den bezala) eta exogenoa, afekzioa kanpo-eragileak sortarazi duenean, hala nola dermatitis narritagarria eta alergikoa:

Dermatitis narritagarria:

- Larruazalean eragin toxikoa duen produktu narritagarri baten aurrean organismoak eragiten duen hanpatzezko erreakzioa da. Hau da ukipen-dermatitis ohikoena: pertsona gehienek berdin-berdin nozitzen dute eragilea (disolbagarria, detergentea, xaboia, azido eta alkaliak, etc.) ukituz gero. Honelako dermatitisa denean larruazalak hainbat eratako erantzunak agertzen ditu, produktuaren kontzentrazioaren, eraginiko azaleraren edota ukipen-denboraren arabera. Narritagarria larruazaletik kentzerakoan sendatzen da dermatitis hau. Prozesu honetan sistema inmunologikoak ez du esku hartzen, ez dago aurretiazko sentsibilizaziorik eta, areago, produktuarekiko lehen ukipenean agertzen da gaitza. Dermatitis narritagarria izan daiteke, batzuetan, dermatitis alergikoa garatzeko lehen pausoa.

Dermatitis alergikoa:

- Beste ukipen-dermatitis hau, berriz, atzeratutako hipersentsibilitatezko erreakzioaren ondorioz jazotzen da. Substantzia hori ukitzearen poderioz subjektua sentsibilizatuz doa eta, halako batean, indar handi edo txikiagoz, ekzema agertzen da. Alergia sor dezaketen produktuei alergeno derizte eta, makina bat diren arren, ohikoenen zerrenda labur bat baizik ez dugu hemen azalduko:

  • Nikela: bisuteriako produktuetan eta metal batzuetan agertzen da. Populazioaren erdia sentsible da nikelaren aurrean.

  • Kobaltoa: nikelarekin -maiz bat eginik jazotzen denez- alergia gurutzatuaren eragileetako bat izan daiteke.

  • Kromoa: naturan ugari datzalarik, hainbat industriatan baliatzen da: larrugintza, argazkigintza, altzairugintza, tinduetan eta etxegintzan; honetan kromoa nikel eta kobaltoarekin elkarturik ager daitekeelarik, zementuak eragiten duen dermatitis alergikoa sortarazten du. Pigmentu urdin batzuetan ere agertzen da (erne tatuaiekin!).

  • Merkurioa: osasun alorrean ez ezik desinfektagarriak, kosmetikoak, odontologiako produktuak eta pestizidak fabrikatzean dezente baliatzen da.

  • Kosmetikoak, Peruko baltsamua, ilerako tinduak, perfumeak, kolonia urak... ahalmen alergenikoa duten substantziak dauzkate maiz.

  • Latex eta gomak: erabilera zabalekoak izaki, geroz eta alergia gehiago sortarazten dituzte. Eskularruak, botak, babespen-produktu medikoak, kondoiak, barne-arropa, kirol oinetakoak... makina bat ukipen-aukera dugu.

  • Aplikazio topikoko botikak, hala nola neomizina, pomada, ukendu eta anestesiko topikoetan arrunt erabiltzen den antibiotikoa.

  • Hautsak, arteak, zumake pozoitsuak eta beste hainbat landarek ere eragin narritagarri eta alergikoa izan dezakete.


ERLAZIONATUTAKO BIDEOAK:
Giza anatomia animazioa: http://www.youtube.com/watch?v=CYRSQHgvtG4&feature=related
ADN: http://www.youtube.com/watch?v=oLz-II0eZvk&feature=channel








No hay comentarios:

Publicar un comentario